RSS harpidetza facebook youtube Harremanetarako
Euskara
Ehaze logotipoa EHAZE ezagutu

KRITIKAK

Francoren bilobari gutuna | Artedrama, Dejabu Panpin Laborategia, Le Petit Théâtre de Pain

Memoria, trauma, antzerkia

FRANCOREN BILOBARI GUTUNA, Arriaga Antzokia (Bilbo), 2016/11/17

Testua: Unai Iturriaga, Igor Elortza eta aktoreak

Zuzendaria: Ximun Fuchs

Aktoreak:Ander Lipus, Patricia Urrutia, Manex Fuchs, Zoila Berastegi, Urko R. Pescador, Erika Olaizola, Pako Revueltas

 

 

Artedrama, Dejabu Panpin Laborategia eta Le Petit Théâtre de Pain taldeen hirugarren elkarlanak frankismoa du mintzagai. Haatik, iraganaren presentzia obran erabatekoa izanik ere, orainaldian jartzen da fokua eta bertan garatzen da ekintza. Izan ere, antzezlanak estatu espainiarreko tradizio faxistak gurean eragin eta eragiten duen oinazearen testigantza eman nahi du.

Ospitale bat aukeratu da metafora moduan -tarteka eroetxea badirudi ere-, non mediku zein gaixoek aztarna fisiko eta psikologikoak pairatzen dituzten. Ikuspegi zabal eta anitza erakutsi nahi izan dute asuntoaz, asko baitira ukitzen diren gaiak: fusilatuak, haur lapurtuak, euskararen debekua, torturak, emakumeen zapalketa... Ez alferrik, ikerketa sakona dago sorkuntzaren azpian -eta merezi du obraren web orrian horri eskaintzen zaion atala begiratzea-.

Informazio guztiari -ospitaleen egoerari buruzko zenbait kontu barne- antzezlan forma emateko estruktura dramatiko konplexua eraiki behar izan dute. Bospasei ildo narratibo aurkezten dira, lehena eta oraina lotzen dituzten pertsonaia askoren bidez. Talde lan zoragarria egiten dute guztiek, bizitasun handiko momentuak une hunkigarriekin tartekatuz eta trebetasun dramatiko ikaragarria erakutsiz. Istorioak, eszenak eta erritmo narratiboa maisuki eramanak dira, pertsonaia bakoitzaren mamuak sotiltasunez deskubriarazten direlarik.

Hala ere, uste dut emandako informazioa gehiegizkoa suerta daitekeela tarteka eta istorio bakoitza sakonki garatzea trabatu. Baina aldi berean, dimentsio itzel hori dugu obraren doanik handiena -elkarlan hauetan jada ohikoa den maila tekniko bikainarekin batera-, Gerra Zibilaren eta faxismoaren gaineko collage biziki aberatsa ematen baitu, nire ustez parekorik gabekoa euskal antzerkian.

Dimentsio handi horrek -kalitatean eta edukian- herri mailako gertakaria bihurtzen du antzezlana. Gurean arrastoa utziko duelakoan nago, besteak beste, jorratzen dituen trauma guztien katarsi kolektiboa egiteko beta ematen duelako. Antzezlan hau gure memoria bizia da, teatroak bakarrik gorpuztu dezakeen bezala gorpuztua.

2016ko azaroaren 17a | Jaime Valverde | Gara
Atzera

BILATU

Loading

KRITIKAK

AGENDA

< Iraila 2017 >
    123
45678910
11121314151617
18192021222324
252627282930 

BAZKIDE TXOKOA

Bazkide txokoa

HEMEROTEKA

BABESLEA

© 2011 EHAZE Euskal Herriko AntzerkiZale Elkartea
Enparan Dorretxea (3.solairua), Foru Ibilbidea 18, 20730 AZPEITIA (Gipuzkoa)
Telefonoa: 943 150097 / 675945734

Lege oharra | Harremanetarako

WAI-A | xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta