RSS harpidetza facebook youtube Harremanetarako
Euskara
Ehaze logotipoa EHAZE ezagutu

KRITIKAK

Su izan nahi | Metrokoadroka

Loratzeak eta zimeltzeak

Loraldia, Pabellon 6, (Bilbo), 2015/04/26

Asteburu ederra ekarri digu udaberriak Bilboko euskaldunoi. Loraldia ekimenak, garai bateko lore jokoen izpiritua berreskuraturik, euskal kultura ospatu eta aldarrikatzearen erronka hartu du, Euskal Herriko hiririk handiena agertokitzat hartuz. Kanpotarrak erakarri eta limurtzeko ekitaldiez gogaituxe nagoen bilbotar hau ezin neurri handiagoan ados egon antolatzaileen hautuarekin: bazen garaia Bilbok, euskaldun gehien batzen duen hiria ere badenak, euskarari lehentasunezko lekua emateko.

Eskainitako jardueren artean, Metrokoadroka kolektiboa arduratu da antzerkiaz, heriotzaren inguruko hausnarketa batekin. Antzezlana osatzen duten piezak justaposizioz batzen dira, pilatu zeharkako gaiekin batera, nahastu poema eta musikarekin. Aurreko lanekin alderatuz, jolasean aritzeko gogo handiagoa nabari dut, beren buruaz barre egiteko nahia. Osagai biografikoek eta jokalarien arteko laguntasunak xamurtasuna ematen diote asuntoari.

Beren web orrian azaltzen dutenez, lehengai artistiko nagusia taldekideen bizitza bera da. Beraien proposamena literaturaren autofikzioaren ordaina izango litzateke, desberdintasun funtsezko batekin: performance izenaz ezagutzen dugun joera teatral honek ezaugarri berezkotzat du narratibitatearekin ez ezik, zentzuaren eraikuntzarekin ere haustea.

Ezaugarri horrek, bistan da, lekuz kanpo utz dezake eskema tradizionalak espero dituen ikusle bat baino gehiago. Baina hemen adierazia dudan legez, antzerkiaz gozatzeko ez gara ulertzearekin obsesionatu behar, edo ez behintzat aditz horri eman ohi diogun zentzu aristotelikoan. Horren ordez, gomendatzen dut Metrokoadrokaren lana dagozkion terminoetan gozatzea. Horrela ikuslea ohartuko da obra interesgarri, ausart, umoretsu eta tarteka distiratsu baten aurrean dagoela.

 

2015ko apirilaren 28a | Jaime Valverde | Gara
Atzera

BILATU

Loading

KRITIKAK

AGENDA

< Urria 2017 >
      1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
3031     

BAZKIDE TXOKOA

Bazkide txokoa

HEMEROTEKA

BABESLEA

© 2011 EHAZE Euskal Herriko AntzerkiZale Elkartea
Enparan Dorretxea (3.solairua), Foru Ibilbidea 18, 20730 AZPEITIA (Gipuzkoa)
Telefonoa: 943 150097 / 675945734

Lege oharra | Harremanetarako

WAI-A | xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta