RSS harpidetza facebook youtube Harremanetarako
Euskara
Ehaze logotipoa EHAZE ezagutu

KRITIKAK

Lu eta Le | Ados Teatroa

Kita bat Herioarekin

Egilea: Bernardo Atxaga. Zuzendaria: Garbi Losada. Musika: Juan Carlos Perez. Abeslaria: Klara Mendizabal. Antzezleak: Ramon Agirre, Joseba Apaolaza. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Abenduak 4.

 

 

Aitor dezadan: Gabon, Txirrita-ren emanaldian jaso genuen antigoaleko naturalismo zaparradaren ostean, beldur nintzen Donostia 2016ren hurrengo ikur-proiektua Atxagaren Lu eta Le antzezlana– esperimentaziorako joerarik ezagutzen ez zaion Ados konpainiaren esku zegoela jakin nuenetik.

Hortaz, espero apalekin sartu naiz aretora, eta horrela adierazi diot, adeitsu, beti adeitsu den Atxagari berari. Baina emanaldia hasi orduko aldatu zait pertzepzioa, komenientziatik kanpo, modatik kanpo, maldan beheratik kontrako emanaldi baten aurrean geundela konturatu orduko. Hasi naiz arnasa hartzen, ordura arte beldur nintzelako –tontoa ni– usadiozko panegiriko, elegia, gorazarre bati aurre egin beharko geniola, edo bestela Laboaren ondaretzat hainbestek aurkeztu zizkiguten produktu edulkoratu bat zerbitzatuko zigutela, hipergluzemia sortzeko moduko produktu haietariko bat alegia, orain Espainiako gobernuak zergapetuko dituen sailekoa.

Atxagak, ordea, jakin izan du desafioari eusten, enkarguzko lan batek dakarren sedimentazio falta gorabehera. Alde horretatik, nik esango nuke antzerki-testu bat idatzi beharrean nahiago izan duela bere eremu kuttuna den prosa poetikoaren lurraldean babestu, posizio seguru horretatik ekiteko Lurdes Iriondok eta Xabier Letek osatu zuten bikote-paradigmaren hagiografiari. Nago, bestalde, Lete bihotzean daramaten ikusleek eta Lurdesen nobio platoniko izan zirenek –ni neu barne, 764. zenbakiarekin– nolabaiteko zapuztua hartu dutela, ikustean obran ez dugula Leteren edo Lurdesen kantagintzaren berririk ia jaso. Har bezate kontsolamendutzat egileak artista bien alde intimoenean egin duen murgiltze delikatua, bizitzaren alderik behinenak kontuan hartu dituena, hala nola gauza guztien gainetik defenditzen den amodioaren sugar hauskorra edota heriotzaren aurrean daramagun borroka desesperatua.

Garbi Losadaren zuzendaritzapean, Ramon Agirrek eta Joseba Apaolazak hartu dute Herioaren morroi rola, zein baino zein ganorazkoago, deklamazio eta ahoskera perfektua lagun eta egileak emandako karga sinbolikoaren jabe izanik. Haiekin batera ibili da Klara Mendizabal abeslaria Juan Carlos Perezen konposizio abstraktuei men eginez eta Leteren Nafarroa arragoa bezalako kanta ezagunak muturreraino itxuraldatuz. Egia da irudi proiektatuen pisua gehiegizkoa izan dela eta ekarpen eskasa egin diotela lanaren planteamenduari, batzuen izaera naturalista dela medio, baina eremu eszenikoaren eta jantzien zuritasunak estetika irreal bat sortu dute –espektrala egilearen hitzetan– eta elkarlanean aritu dira mugimenduen diseinu zehatzarekin eta testuaren esangura metaforikoarekin.

Ezin dut lerrootan testuak eta muntaiak bilatutako kontraste guztien berri eman, baina lan honen izaera hobeto ulertzeko hona hemen egileak bere garaian Anaitasuna aldizkarian idatzitakoa: «Inork ez beza gure berrizaletasuna arrazoinezkoa ez denik pentsa; zeren naturalismoarekin jokatzen duenak pentsatzerik ez baitauka inguruko gizartean eragintzarik lortzea, naturalismo hori ez baita izanen aski boteretsu gizartea transformatzeko edota iraultzeko.»

2016ko abenduaren 06a | Agus Perez | Berria
Atzera

BILATU

Loading

KRITIKAK

AGENDA

< Apirila 2018 >
      1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
30      

BAZKIDE TXOKOA

Bazkide txokoa

HEMEROTEKA

BABESLEA

© 2011 EHAZE Euskal Herriko AntzerkiZale Elkartea
Enparan Dorretxea (3.solairua), Foru Ibilbidea 18, 20730 AZPEITIA (Gipuzkoa)
Telefonoa: 943 150097 / 675945734

Lege oharra | Harremanetarako

WAI-A | xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta