RSS harpidetza facebook youtube Harremanetarako
Euskara
Ehaze logotipoa EHAZE ezagutu

KRITIKAK

Arrastoak | Dejabu Panpin Laborategia

Iraganean arakatzen

Ideia eta zuzendaritza: Dejabu panpin laborategia. Antzezleak: Miren Alkala, Iñigo Aranbarri, Ainara Gurrutxaga, Urko Redondo. Lekua: Donostiako Gazteszena. Eguna: Azaroak 23.

 

Luhusoko Harri Xuri aretoan estreinatu zen, azaroaren1ean, eta Azpeitiko Antzerki Jardunaldietatik igarota, Donostiako Gazteszena azken besaulkiraino bete du bi egunez Arrastoak lanak, Dejabu panpin laborategiaren azken sorkuntzak.

 

Gure bide galduak miresgarri haren ostean –Donostia Antzerki Saria 2012an– nik behintzat, eta uste dut nik bezala beste askok, espero handiak genituen Oreretako taldeak helduentzat sortutako hurrengo muntaia honetan, eta beldur barik esan ahal dugu bete egin direla haiek guztiak: kolektiboko kideek gaztetasunaren ausardiaz eta helduaroaren sendotasunarekin heldu diote zenbait auzi garrantzitsuri, haien artean premiazkoena izanik nor garen/nondik gatozen galderei erantzuten saiatzearena.

 

Xede horri begira, Lur izeneko neska gazte bat hautatu dute protagonista. Bere ama galduaren gorpuaren agerpenak itaun sorta etengabea sortuko dio Lurri, eta hari horretatik tiraka atzera egiten joango gara denboran zehar. Bidaiak laurogeiko hamarkada zeharkatuko du, eta Espainiako Gerra Zibilak ekarritako haustura sozialean eta norbanakoen gaineko bortizkerian bilatuko ditu Lurrek bere galderek behar dituzten erantzunak.

 

Dejabu-ko kideek, beren ohiko estiloari jarraituta, trebetasun handiz eratu dituzte argumentu konplexuak eskatzen zituen eszena guztiak, baliabide materialen urritasuna une oro aldarrikatuz eta eurengan ohikoa den sormen itzela erakutsiz. Izan ere, oso elementu gutxi erabili dira emanaldian zehar –altzari txiki zahar batzuk, denetarako balio izan duen kaiola laukizuzena, iragan mortua adierazten zuten bi zuhaitz ahulak, oihal zuriak...–, baina dramaturgia aberatsaren zerbitzura egon dira haiek guztiak eta ezin hobeto egokitu dira irudi plastikoen edertasunari eta eszenen arteko aldaketa bizkorrei.

 

Proposamenaren osotasuna kontuan hartuta, aipatzekoak dira maila berean Oier Guillanen noizbehinkako gogoetak, Ander Fernandezen soinu-espazioa –Muskulok Asier Sarasolaren hitzekin sortutako kanta desesperatua barne– eta panpinen nahiz itzal proiektatuen iradokitze maila. Egia da argumentuaren konplexutasunak nolabaiteko nahasmenak sortzen dituela denbora-jauziak direla kausa, eta pertsonaia batzuengan ez dela erabateko dentsitaterik antzematen, baina hori ere bat dator panpinei eta itzal proiektatuei dagokien estetika zapal eta neutroarekin. Edozein kasutan ere, horrelako antzezlan sormentsu eta mamitsu baten agerpenak berriz ere baieztatzen du belaunaldi berri baten loraldian gaudela euskarazko antzerkiaren alorrean.

2014ko azaroaren 25a | Agus Perez | Berria
Atzera

BILATU

Loading

KRITIKAK

AGENDA

< Abendua 2017 >
    123
45678910
11121314151617
18192021222324
25262728293031

BAZKIDE TXOKOA

Bazkide txokoa

HEMEROTEKA

BABESLEA

© 2011 EHAZE Euskal Herriko AntzerkiZale Elkartea
Enparan Dorretxea (3.solairua), Foru Ibilbidea 18, 20730 AZPEITIA (Gipuzkoa)
Telefonoa: 943 150097 / 675945734

Lege oharra | Harremanetarako

WAI-A | xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta